ATZEKOZ AURRERA. Yolanda Mazkiaran. 'Anderea' dokumentalaren egilea

«Erantzun asko eman diezazkiguke Marik gaur ere»

Mari jainkoari buruzko dokumental bat egin du Mazkiaranek: «Euskaldunok odolean daramagun kontzeptu bat da, oraindik bizirik dagoena».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Altsasu
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
San Pedroko baseliza inguruko zelaietan orduak eta orduak eman ditzake Yolanda Mazkiaranek (Altsasu, Nafarroa, 1963). Han grabatu du Mari jainko mitologikoari buruzko Anderea dokumentalaren parte handi bat. Iruñean eman dute, eta azaroaren 2an Altsasuko Iortia kultur etxean izanen da ikusgai.

Dokumentalean ageri denez, Marik zentzu ezberdina du tokian-tokian. Zuretzat nor edo zer da Mari?

Emakume askea eta burujabea, naturaren pertsonifikazioa. Euskaldunok odolean daramagun kontzeptu bat da, oraindik bizirik dagoena. Gaurko arazoei aurre egiteko erantzun asko eman diezazkiguke.

Horregatik merezi zuen Marik dokumental bat?

Euskal kulturan norbaitek pelikula edo dokumental bat merezi badu, hori Anderea da. Marija Gimbutasek dio gelditzen zaigun Europa zaharreko herentzia bakarra dela. Harrigarria da hari buruzko material gehiago ez egotea. Duela zortzi urte pastorala egitea zen nire ideia, jendea etxetik ateratzeko eta auzolanean aritzeko. Azken urteetan feminismo oso ofizial bat ikusi dut, eta nahi nuen antzinatik datorkigun Anderearen figura ekarri; gehiago laguntzen zidan horrek.

Pastorala egiteko aukera edo erronka hor dago, beraz.

Zuberoan Belagileak pastorala egin zuten. Sorginena badago, baina Anderearen pastorala falta da.

Euskal kulturak emakumezko jainkoa izan zuela eta, ondorioztatu liteke gizarte egitura hori ez zela oinarritzen gizonek eginiko zapalkuntzan?

Uste dut euskal kulturan emakumea errespetatuagoa izan dela. Nik uste dut boterea izan dugula etxe barruan, eta hor dago gobernu osoko antolakuntza. Sukaldea izan zen lehen ospitalea, bankua, eskola... Gero, badakigu nola egituratzen den patriarkatua.

Bizitza erdigunera eramatearena ez da hain modernoa?

Lehengo antolakuntzarekin alderatuta, ez pentsa orain modernoagoak garenik. Orain independentzia ekonomikoa dugu; hori oso handia da.

Matriarkatua aipatzean denean, ez dago arriskua egungo euskaldunen aurpegia zuritzeko?

Gizartea patriarkala da, eta euskal gizartea ere halakoa izan da. Baina uste dut hemen ez dela hainbeste tratu txarrik izan emakumeen kontra, oso gaizki ikusia egon delako.

Sinesmen batzuk Mariren irudia moldatzen saiatu dira. Kristautasunaren kasuan, Ama Birjinen pisuaz mintzo da dokumentala. Marik ordezkatzen zuena beharrezkoa zuten euskaldunek?

Hori argi dagoela uste dut. Erkudengo Ama Birjina agertzen da, esku batean eguzkia du eta bestean euria. Hori da antzinatik zetorren naturaren figura. Otoitz egiten zioten naturarekin harremana zuen Ama Birjina bati. Hori ez bada antzinako Anderearen ordezkoa... Anderearen figura bizirik mantendu da herri txikietan eta sutondoetan.

Zertarako balio du Marik 2020an?

Orain pentsatzen dugu Anderea baino askoz handiagoak garela, eta gu garela, zientziaren izenean, jainkoak. Ez badugu natura errespetatzen, eta hori da herri indigenen aldarrikapenik handiena, ez dakit noiz arte iraungo dugun.

Mitologia infantilizatu egin da geroz eta gehiago?

Umeentzako ipuin politetan gelditu da mitologia. Ikastolan ikasten da, baina gero ez da unibertsitatera eraman. Harrigarria da Euskal Herrian ez izatea mitologiaren katedrarik. Barandiaranek sekulako lana egin zuen, eta orain jende soltea ari da, baina ez dago erakunde bat jende hori guztia batzeko eta ikertzeko.

Zer irakasgai atera daitezke euskal mitologiatik?

Munduaren magia. Naturarekin bat eginda zegoen mundu magiko batean sinesten zen, baina magia galtzen ari gara. Mundua oso leku tristean bilakatzen ari da. Izaki mitologikoak naturaren proiekzioak dira; beraz, haiengandik ikas dezakegu naturaren garrantzia.

Dora Salazar, Enrike Zelaia, Agustin Gonzalez Acilu… Oso altsasuar geratu zaizu dokumentala, ezta?

Altsasukoa naiz, eta gertu duzunetik elikatzen zara. Dokumentala inolako diru laguntzarik gabe egin dut; beraz, lagunekin egin dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.